Frigga Haug: Marxismo-feminismoaren hamahiru tesi


I Marxismo-feminismoa txanpon beraren bi alde dira, Helen Colley-k nabarmendu duen eran, baina gauza bat gehitu behar zaio adierazpen horri: premiazkoa da txanpona bera eraldatzea.
Feminismo marxista tinko lotuta dago Marxen ondarearekin; hortaz, irmoki sinesten du soldatapeko lanari buruzko analisiaren garrantzian, eta orobat sinesten du horixe dela langile-mugimendua zuzentzen duen indarra (Gayatri Spivak-ek azpimarratu duen moduan). Nolanahi ere, gainerako jarduera femeninoak analisiaren zentrora ekartzeko ahaleginean, MFk tokiz aldatzen du jarduera domestikoen eta ez-domestikoen auzia: atzean uzten du bi jarduerak bat eta bakartzat edo guztiz bereizitzat hartzen saiatzen diren ikuspegi paralizatzaileak (ekonomiari eta enplegu domestikoari buruzko eztabaida bikoitza), eta, aldiz, erronka funtsezko bati heltzen dio: ekoizpen-harremanen kontzeptua okupatu eta eraldatu nahi du, gai feministei dagokionez.


II Halatan, bi ekoizpen daudela ondorioztatzen da (Marxek eta Engelsek esana zuten moduan): bizitzaren ekoizpena eta bizi-baliabideen ekoizpena. Elkarri lotuta daude biak ala biak; hortaz, praktika indibidualak aztertu daitezke, bai eta horien arteko elkarreragin-moldeei erreparatu ere. Horri esker, ikerketarako eremu zabal-zabal bat agertzen zaigu, zeinean menderakuntza-modu espezifikoak aztertu baitaitezke, eta eraldaketa-aukerak bilatu, modu historiko eta kultural espezifiko eta desberdinetan.

III Genero-harremanak, argi dagoenez, ekoizpen-harremanak dira, eta ez horiekiko gehikuntza bat. Praktikak, arauak, balioak, aginpideak, instituzioak, hizkuntzak, kulturak eta abarrak, guzti-guztiak, genero-harremanen bidez kodetuta daude. Ondorioztapen hori kontuan
hartuta, ikerketa marxista-feminista emankorra eta beharrezkoa da neurri berean. Aintzat harturik harreman globalen izaera garaikidea eta konektatua, eta, aldi berean, emakumeen menderakuntza-molde historikoki konkretuen askotarikotasuna, beharrezkoa da nazioarteko aktibistek beren jakintza eta esperientziak elkar ditzatela.

IV Marxismoa ez da erabilgarria gizarte kapitalistarentzat eta haren diziplina akademikoentzat, zeinek menderakuntza zilegiztatzen baitute. Marxismo-Feminismoak sinesten du (Marxek, Luxemburg-ek, Gramsci-k, Brecht-ek eta abarrek bezala) gizakiek egiten dutela beren historia –edo, hori egitea eragozten baldin bazaie, beren burua ahaldundu behar dutela–, hortaz, ez da egokia goitik beherako aginte-egitura bat osatzeko. Horrek eskura jartzen ditu zenbait ikerketa-molde, hala nola memoria-lana eta norberak kolektiboan duen posizioaren lanketa historiko-kritikoa; hortaz, autokritika ere izan daiteke ekoizpen-indar bat.

V Gizarteko kide guztiek, ekin nahi badute, menderakuntza-harremanetan parte hartu behar dutela dioen ikuspegiaren harira, zehatz ikertu behar dira menderakuntzaren korapiloak, patriarkatu kapitalista aldatzeko desira gerarazten edo hauspotzen dutenak. Kasu honetan, feministek badute abantaila bat, boterean jarduteak dakartzan pribilegio gutxiagoren jabe
direlako; horrenbestez, gutxiago daukate galtzeko, eta, halaber, eskarmentu handiagoa dute, mundua behetik behatzeari dagokionez.

VI Gizarte kapitalistako kide guztiek jasaten dute menderakuntza/azpira-tze harreman horiei dagokien kaltea, eta, horrenbestez, inor ez dago gizarte askatu batean bizitzetik hurbil. Gure orainaldian, badira menderakuntza- eta indarkeria-modu batzuk, historian metatu direnak, zeinak ezin baitira bilakabide jarraikor edo muineko kontraesan batera murriztu. Ulertu behar da ezen (emakumeen aurkako) indarkeriaren, ankerkeriaren, gerrarako prestasunaren eta abarren molde basatiak (Zillah Eisenstein-ek azpimarratu dituenak) harreman zaharretatik datozen izugarrikeria historikoki bereiziak direla. Feminista marxistentzat, harreman bortitz hauek oinarrizko zati teoriko eta praktiko bat izan behar dute askapenaren aldeko borrokan eta
subjektuen estatusa lortzeko borrokan, gizonezkoen eta gizakiaren azpigarapenaren gainetik eta horren aurka.
Baina indarkeria ez da harreman tradizionalen eta zaharkituen adierazpen bat soilik; gaur egun ekoizten diren harremanen adierazpena da orobat. Horregatik, kritikaren eta analisiaren ulerkera zehatz bat behar dugu, esentzialismoak saihesten dituena. Indarkeriarik bortitzenak itzuli egin dira, izugarrikeria gisa, gainditutzat jotzen genituen harremanen ondorio gisa, eta, aldi berean, gaur egungo harremanen produktuak dira.

VII Marxismo-Feminismoak posizio jakin bat adierazten du gai honekiko: langile-mugimenduaren nagusitasuna, eraldaketaren subjektu historiko eta eragile gisa. Marxismora feminismoa ekarriz, eta, horrela, bata zein bestea aldatuz, ezinbestekoa bihurtzen da jarrera kritiko bat adieraztea marxismo tradizionalarekiko, zeinak langile mugimenduari soilik egiten dion erreferentzia. Marxismoa zera da: Marxek ekonomia politikoari egindako kritika + langile-mugimendua; horregatik du halako indarra. Halaber, haren mugak agerian geratzen dira. Bestalde, langile-klasearen patuak erakusten duenez, ikuspegi hori ez da gai izan klase-borroken zeruertz historikoa gainditzen duten auziak aitortzeko eta garatzeko. Marxismo tradizionalak ez ditu gogo onez hartzen auzi feminista berriak, ez eta ekologiari dagozkion auziak ere; hortaz, lanean segitu behar dugu (Luxemburgek argiki adierazi zuen bezala).
Aintzat harturik era askotako mugimenduen aberastasuna eta Marxen ondare kulturalean oraindik erabili ez den aberastasuna, lanean jarraitu behar dugu gaur egunean. Kontu hori erronka bat da feminista marxista guztientzat; ia ekarpen guztiak bat datoz horretan.

VIII Arrazari, klaseari eta sexu/generoari buruzko polemika (intersekzionalitatea) harago landu behar genuke. Gizarte guztietan, klasea eta sexua loturik daude, eta kapitalismoak probetxua ateratzen dio horri; bada, egoera horiek xehe-xehe aztertu behar dira; bestalde, «arrazaren auzia» deritzon horri modu konkretuan erantzun behar zaio gizarte eta kultura bakoitzean, modu bereizian, eta beste bi menderakuntza-moldeekin lotu behar da (Ann Ferguson-ek eta Gayatri Spivakek azpimarratu duten bezala). Pentsamendu ez-lineala beharrezkoa da.

IX Fordismoaren krisiaz geroztik izan diren gorabeheretan, eta azkar globalizatutako ekonomiak ekarri duen krisi-sailean, zeinen ondorioz jendea gero eta baldintza prekarioagoetan bizi baita, agerikoa da emakumeak direla galtzaile, beste praktika eta multzo baztertu batzuekin batera.

X Mendebaldeko ongizate-estatua desegin eta ekonomia globalizatuan txertatu den honetan, bizitzaren zaintza emakumeen esku geratu da, zeinek dohainik egiten baitituzte etxeko lanak, edo soldata txiki baten truke; argi ikusten da hori zaintzen-kate globalean. «Zaintzaren krisi» gisa ulertu dezakegu hori dena, gizarte kapitalistaren ondorio ezinbesteko gisa: bere zentro ekonomikoa zerbitzuetara aldatuz, etekinak eskuratzen ditu kapitalismoak, eta, aldi berean, krisiak kudeatzeko modu gero eta basatia-goak azaleratzen dira, balio-maila desberdinen sorreraren poderioz (Tove Soiland-ek iradoki duen eran).

XI Guztiok uste dugu bizitza ipini behar dugula gure borroken zentroan (horixe aldarrikatu dute, besteak beste, Montserrat Galcerán-ek eta Lise List-ek), eta, hortaz, baita modu kolektiboan auto-determinatutako denboraren aldeko borrokak ere. Halaber, aintzat har dezakegu beste iradokizun hau: bizitzari loturiko krisiak aztertzeko orduan, modu hierarkikoan antolaturiko eremuetako denbora-logika desberdinen ondorio gisa har ditzakegu (Frigga Haug). Haugek, bestalde, lau-batean ikuspegia proposatzen du politika gisa: politikak egiteko, denboraren antolamenduari erreparatu behar zaio; hala, eremuak ez dira bata bestearen arabera moldatu behar, kontrara, hierarkiaren uztarritik askatu behar dira,
orokortzearen bitartez. Jende guztia aktiboki jarduten denean eremu guztietan, orduan bakarrik izango da posible gizarte askatu bat.


XII Gure borrokak menderakuntzaren kontra zuzentzen dira, eta demokratikoak dira erro-errotik; horretarako, premiazkoa da politika egitea behetik. Gure erresistentzia modu desberdinean kokatzen da kulturan eta denboran. Halere, Marxekin elkartuta gaude honako helburu honi dagokionez: «harreman guztiak deuseztatzea, zeinetan izaki beheratua, esklaboa, traizionatua eta mespretxagarria bihurtzen baita gizona». Kongresu marxista-feminista bat antolatzea, eta horren barruan ditugun lankidetza- eta gatazka-moduez hausnartzea, modu bat da, mugimendu marxista-feministaren garapen iraunkorrari ekarpena egiteko gure
erresistentziaren bidez.

XIII Feminista marxistak jada ez daude langile-mugimenduak egokitu zien posizioan: lanaren banaketa tarteko, emakumeak bakearen hezurmamitzea zirela uste zen, eta hari eusteko erantzukizuna esleitzen zitzaien; gizonek, bien bitartean, guda egiten jarraitzen zuten. Uko egiten diogu politika horietara mugatuak izateari; guztiaren erantzukizuna hartu nahi dugu
gure gain. Gaur egungo egoera globalean, zeinaren ezaugarriak baitira krisiak eta gerrak, iruditzen zaigu botere feminista ezinbestekoa dela. Erantzukizuna gure gain hartzen dugu, eta aukera indartsuak dauzkagu.
 
[1] Txosten hau hemen argitaratu zen: Argument 323, Krise des Politischen I, 3. zenbakia, 2017.
[2] Cf. Wege des Marxismus-Feminismus liburua, Argument 314 gisa argitaratu zena, zeinean biltzen baitira hitzaldi gehienak.