Categories
MarxFemConference

MarxFemek erakutsi digu borrokan aurrera egiteko ezinbestekoa dela kategoriak eta kontzeptuak berritzea

Hiru egunez hamaika txokotako pentsalariak bildu ditu Nazioarteko IV. MarxFem Konferentzia birtualak. Azaroaren 11, 12 eta 13a hausnarketarako egunak izan dira: Marxismoaren eta Feminismoaren uztartzeaz eztabaidatu da, Feminismo garaikidearen analisiak eta erronka berriak mahaigaineratu dira eta mugimendu anitzek sareak ehuntzeko elkarteratzea ere izan da.

Eztabaida luze eta sakonen ostean, argi geratu da: pentsamendu feminista ez dago krisian. Mundu osoan zehar ereindako proposamen, diskurtso eta praktika anitzek emantzipaziorako bidea zabalik dagoela argi utzi dute, baina borrokan aurrera egiteko kategoria eta kontzeptuen berritzea ezinbestekoa dela ere agerikoa izan da.

Feminismo garaikideaz orokorrean luze hitz egin den arren, tokiko bizipenek ere eman dute zeresan. Hizlari eta parte-hartzaileen errealitate ugariek aberastasuna ekarri dute soslaietara, eta borroken arteko hierarkizazioa zein mendekotasunak baliogabetu eta borroken inbrikazioaren alde egin dute partaideek.

MarxFemek erakutsi digu desberdintasuna eraikitzailea izan behar dela. Emakume guztientzako etorkizun bat ehuntzea da premiazkoa orain: aliantzen garai berriak ailegatu dira.

Hasiera batean Konferentziaren asmoa Bilbon aurrez aurreko ekitaldi bat egitea izan bazen ere, egungo egoera medio plangintza mundu birtualera lekualdatzea erabaki zen. Hala eta guztiz ere, parte-hartzea arrakastatsua izan da, Feminismo Marxistaren XIII tesien eztabaidara 400 lagun bildu direlarik, esaterako. Hitzaldi nagusietan partaidetza nabarmenagoa izan den arren, panel kolektiboek ere harrera beroa izan dute.

Latinoamerikako, Ekialde Hurbileko, Asiako zein Europa hegoaldeko izen handiko pentsalari eta hizlariek ehundaka lagun erakarri dituzte Konferentziara. Haien artean izan dira, batik bat, Silvia Federici, Nancy Fraser, Frigga Haug, Lorena Cabnal, Ochy Curiel, Ana Cecilia Dinerstein, Dilar Dirik, Tithi Bhattacharya, Elsa Dorlin eta Jules Falquet.

Datorren urtera begira, Konferentziaren bosgarren urteurrena Baltikoetan ospatuko dugu. Hala, bada, Nazioarteko V. MarxFem Konferentzia Varsovian (Polonia) gauzatuko da.

Azkenik, eskerrak eman Nazioarteko IV. MarxFem Konferentzia posible izan dadin lan egin duten guztiei: teknikariei, batzorde zientifikoari, antolatzaileei, itzultzaileei, hizlariei, parte-hartzaileei, laguntzaileei eta, noski, ikus-entzuleei.

Categories
MarxFemConference

Bhattacharya, Cabnal, Curiel, Delphy, Dinerstein, Dirik, Dorlin, Falquet, Federici, Fraser eta Haug 4. konferentzian

Feminismo Marxistaren Nazioarteko IV. Konferentzia datorren azaroaren 11, 12 eta 13an gauzatuko da online, Transform! Europe, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Iratzar Fundazioa, Critical Theory Bilbo-Barcelona (BIBA CT), Berliner Institut für Kritische Theorie (InkriT), Rosa Luxemburgo Fundazioa eta ParteHartuz taldearen eskutik.

Tithi Bhattacharya, Lorena Cabnal, Ochy Curiel, Christine Delphy, Ana Cecilia Dinerstein, Dilar Dirik, Elsa Dorlin, Silvia Federici, Jules Falquet, Silvia Federici, Nancy Fraser eta Frigga Haug dira, besteak beste, edizio honetako hizlariak.https://www.youtube.com/watch?v=3DrgPsJj-XQ&t=318s

Konferentzia bi zutabe nagusitan antolatu da:

– Lehen zutabea: hizlariek, mundu osoan entzutetsuak diren feminista historiko hauek, alde batetik, beren lanen zenbait alderdi azaldu eta eztabaidatuko dituzte, hala nola balioaren azterketa, lana, erreprodukzio soziala, arrazalizazioa, sexualizazioa eta estatua. Eta, bestalde, esparru feminista eta marxista tradizionalean nagusi diren zenbait tesi eta praktika aztertuko dituzte, feminismo dekoloniala, materialista, ekosozialista eta transozialista oinarritzat hartuz.

– Bigarren zutabea: panel kolektiboak. Bertan, proposamenen bozeramaileek, erakundeek eta hego globaleko teoriek parte hartuko dute, baita estaturik gabeko iparralde globaleko nazioek ere.

Parte-hartzaile gehienak militantziatik zein aktibismotik datoz, baita mundu akademikotik ere, eta erakunde, mugimendu sozial eta sindikalen banakako eta taldeko hitzaldiak aurkeztuko dituzte.

Ardatz geopolitikoa:

– Proposamen, kritika eta analisiak Latinoamerikatik: besteak beste, Brasil, Mexiko, Txile, Argentina eta Venezuelako hizlarien eta eragileen aldetik.

– Proposamen, kritika eta azterketak Ekialde Hurbiletik: zehazki, Siria, Afganistan eta Iranetik.

– Proposamen, kritika eta analisiak Asiatik: Indonesia, Korea, Pakistan eta Txinatik.

– Proposamen, kritika eta analisiak Europatik: Andaluzia,Katalunya, Euskal Herria,Italia, Alemania, Grezia,Kroazia eta Serbia, besteak beste.

Paneletako gai nagusiak:

– Eztabaida teorikoak garatuko dira intersekzionalitatetik zein hainbat arlotako inbrikaziotik, hala nola balioetan, estatuan, zuzenbidean, subjektuan, zaintzan, produkzioan eta erreprodukzio sozialean. Hemen borroka eta protestarako aukera berrien inguruko proposamenak jorratuko dira.

– Beste alde batetik, ikerketa kasu zehatz batzuk landuko dira, borroka, erresistentzia eta antolaketaren adibideetan oinarrituak. Ipar eta hego globaleko greba feministak ez ezik, tokiko erresistentziak eta erresistentzia espezifikoak aditzera emango dira, enpresetatik, Internetetik, unibertsitateetatik zein eremu publikoetatik abiatuak direnak. Sindikalismo berrien inguruan arituko da eremu feminizatuetako emakume langileen praktikak oinarri hartuz; baina, baita lehen sektoreko, industria-sektoreko eta zerbitzuen sektoreko sindikalismo feministaz ere, egungo kapitalismo digital eta finantzatuaren analisia barne.

– Feminismo marxistaren hamahiru tesiei buruzko osoko bilkura bat ere izango da konferentzian. Frigga Haug feminista marxista historikoa izango da horretan protagonista, eta Austria, Alemania eta Suedian egindako aurreko MarxFem Konferentzietan garatutako tesiak garatzea izango da xedea.

Konferentzia ZOOM plataformaren bidez igorriko da. Goizetako panelak jatorrizko bertsioan emango dira, eta arratsaldeetako hitzaldiek aldi bereko itzulpena izango dute.

Konferentziari buruzko informazio guztia www.marxfemconference.com webgunean aurki daiteke, bai eta sare sozialetako eguneratzeetan.

Categories
MarxFemConference

IV. Nazioarteko Konferentzia Marxista Feminista 2021ko azoraren 11atik 13ra egingo da Bilbon

IV. Nazioarteko Konferentzia Marxista Feminista, aurtengo urriaren 15, 16 eta 17rako aurreikusita zegoena, datorren urtera arte atzeratuko da, COVID-19ak eragindako osasun-larrialdia dela-eta. Horrela erabaki dute antolatzaileek, 2021erako programan lanean dihardutelarik. Data berriak 2021eko azaroaren 11, 12 eta 13a dira eta kongresua toki berean ospatuko da, Bizkaia Aretoan.

Hizlari nagusiek dagoeneko baieztatu dute bertan izango direla. Egun horietan, beraz, nazioarteko hainbat erreferenteren ahotsak entzun ahal izango dira: Silvia Federici eta Lorena Cabnal, Euskal Herrian jadanik izandakoak. Nancy Fraser estatubatuarra, Francesca Gargallo italiar-mexikarra eta Tithi Bhattacharya eta Gayatri Spivak indiar erreferenteak ere bertan izango dira.

Gainera, ehun parte hartze proposamen baino gehiago jaso dira. Aurreko urteetan Berlin, Viena eta Lund hirietan egin den konferentziaren laugarren edizioa izango da aurtengoa. Hurrengo elkarteek finantzatuko dute: Tranform! Europe, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Iratzar Fundazioa, Critical Theory Bilbo- Barcelona (BIBA CT), Institut für kritische Thoerie (InkriT), Rosa Luxemburgo Fundazioa eta Parte Hartuz euskal ikerketa taldea.

Categories
MarxFemConference

Emakume gaiztoak eta umetoki desobedienteak

MrxFem-ek “Emakume gaiztoak eta umetoki desobedienteak” izeneko webinar bat antolatu du, emakumeen gorputzaren kontrol politiko eta sozialean oinarritua. Hizlariak Teresa Larruzea, Laura Salomé, Sylwia Rapicka, Sara García eta Oihana Etxebarrieta izango dira, hurrenez hurren, Euskal Herriko, El Salvadorreko, Poloniako eta Argentinako erreferente feministak.

TransformEurope!-rekin elkarlanean egiten den hirugarren webinar hau 2021eko azaroaren 11tik 13ra Bilboko Bizkaia Aretoan, izango den Nazioarteko IV. Kongresu Feminista Marxistaren ardatzetako bat da.

Webinarra otsailaren 18an izango da, arratsaldeko 18:00etan, eta aldez aurretik izena eman behar da https://us02web.zoom.us/webinar/register/WN_AhDqfq27QKCc-9ijqL9A

Parte hartzaileek abortu legal, libre eta seguruaren aldeko zenbait esperientziari buruz eztabaidatuko dute, eta emakume poloniarrek, argentinarrek eta salvadoretarrek egindako borrokak partekatuko dituzte.

Parte-hartzaileei buruzko informazio gehiago:

Teresa Larruzea: 4.Nazioarteko Konferentzia Marxista Feministaren batzorde zientifiko eta antolatzaile taldeko kidea. 

-Laura salomé: kazetari feminista. Argentinako “Campaña Nacional por el Derecho al Aborto Legal, Seguro y Gratuito”ko aktibista.

Sylwia Rapicka: pedagoga eta politologa. Doktoretza-ikaslea Cracoviako Pedagogia unibertsitatean. Feminista, antikapitalista eta LGBTiko kidea.

Sara García: aktibista feminista, psikologa, masterduna Giza Eskubidean, El Salvadorreko “Agrupación ciudadana por la despenalización del aborto”ko kidea.

-Oihana Etxebarrieta: EHBilduko legebiltzarkide, politika feministen arduraduna eta eskubide sexual eta erreproduktiboen kidea parlamentuan.

Categories
MarxFemConference

Gayatri Chakravorty Spivak, Gina Dent, Surya Parekh eta Jule Goikoetxea izanen dira “Black Lives Matter mugimenduaren zerumuga” mintegian

Gayatri Chakravorty Spivak, Gina Dent, Surya Parekh eta Jule Goikoetxea izanen dira “Black Lives Matter mugimenduaren zerumuga: nola elkargurutzatzen dira feminismo marxista eta BLM ikuspuntu globalean?” mintegian. Urriaren 25ean (igandea) iraganen da arratsaldeko 18: 00etan (10:00 PDT, 13:00 EDT) eta modu telematikoan jarraitu ahal izango da YouTube MARXFEM 2020 kanalaren bidez.

Arrazakeria sistemikoaz, feminismoez eta subalternitate baldintzez mintzatuko dira feminismoentzat erreferente diren hizlari hauek. Hain zuzen ere, BLM mugimenduan bat egiten duten eta, hein berean, feminismo marxistaren praktikarako ezinbesteko diren auzietaz arituko dira.

Ordubete inguru iraungo du mintegi telematikoak eta, galderak egin, iritzi kritikoak eman nahiz hausnarketak helarazteko txat bat jarriko da entzuleen esku.

Data hauetan egingo zen Nazioarteko Konferentzia Marxista Feministaren baitan dago mitegi hau. Covid-19arekin aktibatutako larrialdi krisia dela eta, 2021era atzeratu eta Azaroraren 11tik 13ra iraganen dena. Nazioarteko konferentzia honen antolatze lanetan ari dira: Transform! Europe elkartea, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Iratzar Fundazioa, Critical Theory Bilbo-Bartzelona (Biba CT), Berliner Institut für Kritische Theorie (InkriT), Rosa Luxemburgo Fundazioa eta ParteHartuz besteak beste.

Mintegi telematikoa jarraitzeko: YouTube MARXFEM 2020 kanala izango dugu.

Categories
MarxFemConference

IV. Nazioarteko Konferentzia Marxista Feminista, online, azaroaren 11, 12 eta 13an

Asko hausnartu ondoren, Covid-19ari lotutako pandemiaren datozen hilabeteetako aurreikuspenak ikusita, eta konferentziaren izaera, bere horretan, internazionala izanik, hartutako erabakia helarazi nahiko genizueke: guztion segurtasuna ongi bermatu asmoz, konferentzia, bere osotasunean, online izango da, aurreikusitako data berdinetan.

Oinarrizko hizlari gonbidatuak ere berdinak izango dira. Gure artean izango ditugu: Tithi Bhattacharya, Christine Delphy, Lorena Cabnal, Elsa Dorlin, Silvia Federici, Nancy Fraser, Francesca Gargallo, Frigga Haug, Danièle Kergoat eta Gayatri Spivak.

Arrazoi horrengatik, konferentzia internetez zuzenean eta era irekian igorriko denez, ez da izen-ematerik egongo. Bestela esanda, bere momentuan izena eman ez zutenek, itxaron zerrendan geratu zirenek zein izen-ematerik egin izan ezin izan zutenek, denek ahal izango dute jarraitu. Aurrerago helaraziko zaizue plataformarako sarbide-linka.

Hala ere, konferentzia online egiteak baditu desabantaila batzuk, hala nola, formatuaren baldintzapenagatik komunikazio eta panel kopurua murriztu behar izango dugu, tamalez. Bere momentuan onartu ziren panel asko ezingo dira, beraz, burutu. Aukeraketa berria uztailaren amaieran jakinaraziko dizuegu posta elektronikoz onartutako komunikazio eta panel proposamenak bidali zenizkiguten guztiei.

Aukeraketa murriztu hau egiteko erabakiko diren irizpideak honakoak izango dira:

– Aurretik jada aukeratutako panelen/komunikazioen artean egotea.

– Konferentziaren programaren berrantolaketarekiko edukizko koherentzia.

– Irizpide geografiko eta zientifikoak.

– Mugimendu/talde antolatuei zein panel kolektibo-proposamenei lehentasuna emango zaie (komunikazio indibidual zientifikoak ere izango ditugun arren).