Hiru egunez hamaika txokotako pentsalariak bildu ditu Nazioarteko IV. MarxFem Konferentzia birtualak. Azaroaren 11, 12 eta 13a hausnarketarako egunak izan dira: Marxismoaren eta Feminismoaren uztartzeaz eztabaidatu da, Feminismo garaikidearen analisiak eta erronka berriak mahaigaineratu dira eta mugimendu anitzek sareak ehuntzeko elkarteratzea ere izan da.
Eztabaida luze eta sakonen ostean, argi geratu da: pentsamendu feminista ez dago krisian. Mundu osoan zehar ereindako proposamen, diskurtso eta praktika anitzek emantzipaziorako bidea zabalik dagoela argi utzi dute, baina borrokan aurrera egiteko kategoria eta kontzeptuen berritzea ezinbestekoa dela ere agerikoa izan da.
Feminismo garaikideaz orokorrean luze hitz egin den arren, tokiko bizipenek ere eman dute zeresan. Hizlari eta parte-hartzaileen errealitate ugariek aberastasuna ekarri dute soslaietara, eta borroken arteko hierarkizazioa zein mendekotasunak baliogabetu eta borroken inbrikazioaren alde egin dute partaideek.
MarxFemek erakutsi digu desberdintasuna eraikitzailea izan behar dela. Emakume guztientzako etorkizun bat ehuntzea da premiazkoa orain: aliantzen garai berriak ailegatu dira.
Hasiera batean Konferentziaren asmoa Bilbon aurrez aurreko ekitaldi bat egitea izan bazen ere, egungo egoera medio plangintza mundu birtualera lekualdatzea erabaki zen. Hala eta guztiz ere, parte-hartzea arrakastatsua izan da, Feminismo Marxistaren XIII tesien eztabaidara 400 lagun bildu direlarik, esaterako. Hitzaldi nagusietan partaidetza nabarmenagoa izan den arren, panel kolektiboek ere harrera beroa izan dute.
Latinoamerikako, Ekialde Hurbileko, Asiako zein Europa hegoaldeko izen handiko pentsalari eta hizlariek ehundaka lagun erakarri dituzte Konferentziara. Haien artean izan dira, batik bat, Silvia Federici, Nancy Fraser, Frigga Haug, Lorena Cabnal, Ochy Curiel, Ana Cecilia Dinerstein, Dilar Dirik, Tithi Bhattacharya, Elsa Dorlin eta Jules Falquet.
Datorren urtera begira, Konferentziaren bosgarren urteurrena Baltikoetan ospatuko dugu. Hala, bada, Nazioarteko V. MarxFem Konferentzia Varsovian (Polonia) gauzatuko da.
Azkenik, eskerrak eman Nazioarteko IV. MarxFem Konferentzia posible izan dadin lan egin duten guztiei: teknikariei, batzorde zientifikoari, antolatzaileei, itzultzaileei, hizlariei, parte-hartzaileei, laguntzaileei eta, noski, ikus-entzuleei.